PVRO TEATRO

OIASSO MUSEOAREN UDAKO PROGRAMAZIOARI HASIERA EMAN DIO "PVRO TEATRO" ERAKUSKETAK

2023/07/07 - 2023/11/19

Azken urteotan, Oiasso Museoak harremanak estutu ditu Meridako Antzerki Klasikoaren Nazioarteko Jaialdiaren Fundazioarekin eta Jesús Cimarro zuzendariarekin, Irungo Dies Oiassonis jaialdi erromatarraren programazioa indartzeko helburuarekin.

Dies Oiassonis erromatar jaialdiaren bezperan, José Antonio Santano alkateak, Nuria Alzaga Kultur arloko ordezkariak eta Pedro Blanco Méridako Hiri Monumentalaren Partzuergoko gerenteak Oiasso Museoan aurkeztu dute, aldi baterako Irunen esku uzteko balio arkeologikoko pieza bat, udan bisita daitezkeen beste elementu batzuen artean.

Jesús Cimarro Meridako Antzerki Klasikoaren Nazioarteko Jaialdiaren Fundazioko zuzendaria ere bertan izan da, zeinak 2022 geroztik elkarlan sendoan jarraitzen duen aurten. Izan ere, gaur Hiri Monumentalaren Partzuergoarekin sinatutako hitzarmenarekin batera, Udalak harremana estutu du Méridako jaialdiarekin eta, Dies Oiassonis egunetan, "Pvro Teatro" erakusketa eta Medea antzerki lana hartuko ditu.   

Santano alkateak dioenez, "gaur beste urrats bat egingo dugu harreman honetan, Dies Oiassonis jaialdi erromatarrak hazten jarrai dezan. Gainera, guretzat erreferentziazkoa den hiri baten eskutik egingo dugu; izan ere, guk bezala gure iragana, tradizio klasiko eta erromatar hori kulturaren eskutik zabaltzeko interesa duen erreferentziazko hiri baten eskutik egiten dugu. Alde horretatik, Mérida misio honetan bazkide izatea harro egotekoa da eta eskertzekoa ere bai".

Lankidetza horren esparruan eta Dies Oiassonis jaialdiaren testuinguruan, iaz Oiasso Museoan, "Mérida. Theatrum Mundi" erakusketa egin zen. Bertan, irudi berriak, plano historikoak eta Méridako antzoki erromatarrak urtetan izan dituen zaharberritze proiektuak erakutsi ziren. 2.000 bisitari inguru erakarri zituen erakusketak.

Erakusketa, Dies Oiassonis 2023 jaialdiaren lehen zedarri gisa, lau esparrutan antolatzen da: batetik, Meridako Antzoki erromatarra superegitura eszeniko bat da; bestetik, botere publikoko espazio bat; gainera, sinbolo pribatuak dituen eremu bat ere bada, eta, azkenik, grinen agertokia da XX. mendeko antzokiaren funtzionamenduan.

Erakusketa hau 15 interpretazio-panelek eta antzokiaren irudiek osatzen dute. Horrez gain, Oiasso Museoko erakusketa-espazioetara egokitzeko ildotik, aparteko pieza arkeologiko bat ere izango da bertan: marmol zuriko Esfinge baten bulto biribileko eskultura. Esfingea antzoki erromatarraren "orchestra"ko elementu apaingarri bat zen. Pieza  hori Oiasso museoak hamazazpi urteko ibilbidean inoiz erakutsi duen pieza aipagarrienetako bat da.

Irungo Udalak eta Meridako Hiri Monumentaleko Partzuergoak komodatu bat sinatu dute, eta, horren bidez, Meridak 15 interpretazio-panelak eta aipatutako pieza arkeologikoa doan laga ditu erakusketa hori antolatzeko. Ekimenak Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza ere badauka.

Meridako antzokiaren historia

Augusto enperadorearen suhia eta konfiantzako gizona zen Marco Vipsanio Agriparen babespean eraiki zuten Meridako antzoki erromatarra. Granitozko egitura izugarriko eraikin bat izan zen, marmolez eta hainbat koloretako iztukuz apaindua. Jainkoak eta enperadore jainkotuak gurtzeko leku bat zen, eta zoruan eta hormetan, pertsona pribatuen markak, zeinuak eta seinaleak ikus ditzakegu, eta horrek antzokiaren alderik gizatiarrena transmititzen digu, eta transmititzen dizkigu, baita ere, hura eraiki zuten esklaboen mezuak, haren erreforma babestu edo agindu zutenen mezuak, edo hura induskatu eta ezkutuan dituen sekretuek liluratuta gaur egun ikertzen jarraitzen dutenen mezuak. Erakusketak Sénecaren obra ere gogorarazten du. Miguel de Unamunok egokitu eta Margarita Xirgu konpainiak antzeztua lehen aldiz jendearen aurrean, indusketa lanak egin eta monumentua leheneratu zenean.

Erakusketaren ORDUTEGIA:

Asteartetik ostegunera eta igandeetan: 10:00-14 00

Ostiral eta larunbatetan 10:00-14:00 eta 16:00-19:00

Astelehenetan itxita

Doako sarrera