Informazio Korporatiboa

Xedea

Oiasso Museoa arkeologia museo bat da, Oiasso hiriaren inguruan aurkitutako erromatar garaiko hondakinak biltzen dituena tokiko ondare arkeologikoa ezagutarazteko, horrela erromatarrak Bizkaiko golkoan egon ziren garaiari buruzko ezagutzaren eta dibulgazioaren erreferentzia gune izan nahian.

Bere ezaugarriak, kokapena eta tipologia kontuan izanik, ondare zentroa ez ezik, Museoa bada kultur eta heziketa jardueretarako zentro bat ere, historiaren eta arkeologiaren irakurketa berriak eta horiek dibulgatzeko modu berriak proposatzen dituen kultur proposamen orori irekia. Horrela, askotariko programazio egonkorra sendotu du Museoak, askotariko bisitarientzat, kalitate handikoa eta sektorean onespen handia duena.

Museo dinamikoa da Oiasso, museoen munduko joera berrietara egokitua, eta, horrela, ikerketa, sorkuntza eta dibulgazio gune bat da, askotariko bisitarientzat lan egiten duena.

Zenbait aztarnategi arkeologikotara sartzeko ate bat ere bada Museoa: termak, nekropolia, meategiak eta kaia.

Ikuspegia

Oiasso Museoak bi ildo estrategikoren inguruan jarduten du: batetik, Bizkaiko golkoaren erromanizazioari eta, hedaduraz, antzinaro klasikoari buruzko ezagutza sortzen eta dibulgatzen eta, bestetik, instituzioa bera gizarteratzen, bere instalazio eta baliabideak komuna dena eraikitzeko garrantzitsu eta lehentasunezkotzat ditugun eragile, instituzio eta proiektuekin elkarlanean aritzeko jarrita. Horregatik, museo irekia izateko helburuan sakondu dugu, sareko museoa izateko helburuan; instituzio eta eragileekin harremanetan egon nahi dugu, proiektuak, ideiak eta kontakizunak partekatzeko, eta, horretarako, komunikazioa sustatzen dugu, askotariko norabideetan.

Bestalde, “Oiasso, mugako erromatar hiria” bi helburu (garapen turistikoa eta Irungo herritarren erronka kulturalak) bat egiten dituen proiektu estrategiko bat da, turistentzat zein herritarrentzat onuragarria.

Helburuak

  • Irunen erromatar iragana etorkizuneko belaunaldientzat babestea eta egungo belaunaldiek bildumak eta ezagutza berdintasunean gozatu ahal izan ditzaten bermatzea.
  • Lurraldeko erreferente izatea antzinako historia eta arkeologia dibulgatzen, askotariko bisitarientzako jarduera programa baten bitartez.
  • Museoaren inguru hurbilarekiko harremanak sustatzea, hurbiltasunean eta errespetuan oinarrituta, eta, horretarako, gizarteko talde guztien interesak detektatzea.
  • Gipuzkoarrak museora erakartzea, ikuspuntu ireki eta berri batetik, kalitateko programazio baten bitartez, Irunek kultur arloan bizirik dagoen eta dinamikoa den hiri bat den aldetik dituen beharrei erantzuteko.
  • Erromatarrak Arku Atlantikoan egon ziren garaiaren erreferente izatea eta Irun nazioartean proiektatzea.