Gordailua Oiasson 5

ARRANTZA (2022)

Oiasso Museoak eta Gordailuak, Gordailua Oiasson proiektuarekin, leiho bat ireki nahi dute gizartearengan gure kultura-ondarea sustatzeko eta ondare hau kontserbatzeak duen garrantziari buruzko kontzientzia pizteko.Hemen ikusgai dauden objektuak Gordailuan gordetzen dira, eta Oiasso Museoaren bitartez kultur ondare kolektibo hori partekatzea dugu helburu.

Historiaurretik, arrantza oso jarduera garrantzitsua izan da gizakion elikadurarako. Historiaurreko komunitateek amuak eta sareak erabiltzen zituzten ibaiertzetik gertu zebiltzan arrainak arrantzatzeko, edo barrerak eraikitzen zituzten, itsasbeheran itsasoratu gabe gelditzen ziren arrainak harrapatzeko. Gipuzkoako kostan, frogatuta dago jarduera horiek duela 10.000 urte ere egiten zirela.

Erromatarren garaian, arrantza funtsezko jarduera ekonomikoa zen. Arraina bere horretan kontsumitzen zen eta, horrez gain, arrain-saltsak prestatzen ziren. Ezagunena garum delakoa da. Oiasso Museoko erakusketa iraunkorrean burdina eta kobrezko amuak ditugu ikusgai, Oiassoko arrantzaleek beren kanabera, aparailu sinple eta tretza edo amu askoko aparailuetan erabiltzen zituztenak. Bestelako tresnak ere erabiltzen zituzten: sareak, horren erakusgarri diren harrizko pisuak, orratzak eta anezkak aurkitu baitira; eta sare-saskiak, aurkitutako berunezko lastrek erakusten duten moduan.

Bilduma honek agerian uzten du arrantza-teknikak oso gutxi aldatu direla funtsezko alderdietan. Materialak aldatu dira, baina sarritan formak oinarrian berberak dira gaur egun ere. Orain erabiltzen diren arrantza-metodoak, beraz, Historiaurrean garatutakoen oso antzekoak dira.

Piezak abuztuaren bukaera arte ikusgai egongo dira.

Sarrera doan.