Avant Garde Memoria
Arkeo&Art
Egonaldia Artistikoa
Arkeo&Art hausnarketa eta ekintza artistikorako proiektu bat da; artearen eta ondarearen arteko bidegurutze bat, Museoaren, arkeologiaren eta artearen arteko elkarrizketa proposatzen duena.Oiasso Museoak sustatu du, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Olatuak programaren elkarlanari esker gauzatu da; gizartea berritzeko eta eraldatzeko prozesuetan eragina duten ekintza artistiko-kulturalak babesten ditu Olatuak-ek.
Patricia Sandonis artistaren “Avant garde memoria” obra memoria kolektiboa irudikatzeko diskurtsoaren inguruko bi instalazio artistikok osatzen dute, zeinek memoria horren toki eta Europa mailako bizikidetzari buruz hausnartzen duten.Eguneroko bizitzako gertaera bat bakarka gogoratzearen eta historiaren parte bihur daitekeela iruditzen zaigunaren arteko dikotomiak harilkatzen du erakusketa hau.
Hemen eta orain, biharko iraganean pentsatzen
“Hemen eta orain, biharko iraganean pentsatzen” marrazki-collage bat da, workshop batetik sortua: workshopean, Irungo eta eskualdeko lagun talde batek bere memoria indibidualari buruz hausnartu du, memoria indibiduala argazkilaritzaren bidez digitalki erregistratzeari buruz eta, oso sentimendu pertsonal batekin lotuta baitago halabeharrez, haren testuingurua irudikatzeko moduari buruz. Artelan horren bidez, memoriaren inguruko hainbat arazo eztabaidatzen dira: zer gertatzen den gure oroitzapenekin, ahalko bagenu zer ekarpen egingo geniokeen memoria kolektiboari eta nola onar dezakegun horrek berekin dakarren fikzioa eta subjektibotasuna.
Pertzepzioa ezin da fotografiatu
“Pertzepzioa ezin da fotografiatu” kontrapuntu bisual bat da, leku berean bizi diren ahotsak irudikatzen dituen instalazio bat. Xantalen ermitan badira nekropoli baten hondarrak eta Erdi Aroko ermita kristau bat. Bada, instalazio artistiko honek denboran salto egiten du, gure garaikidetasunaren berezko estetika bat irudikatzeko.
Europarekin lotzen dugun kolore urdineko eta zutabe formako pintura-eskultura bat airean zintzilik ageri zaigu, harroinik ez kapitelik ez duela, ezegonkor eta ezeri eutsi gabe. Bertan, itsasoa irudikatzen duten zati pintatuak, pasatzea debekatzen duten seinaleak, salbamendu flotagailuak, konfetia, metalezko hesi baten zati bat eta purpurina azaltzen dira; dena, airean igeri, Europatik datozkigun albisteak eta gure eguneroko bizitzako jaiak bezala.
Plastiko eta erretxina konglomeratu batek granitoaren antzeko material berri bat eratzen duela dirudi, eta pentsarazten digu zer baliabide ez-natural aterako dituzten lurretik etorkizuneko belaunaldiek. Lurrean bada distira egiten duen zerbait, urre eta zilar kolorekoa, harri formakoa, urretik eta zilarretik ezer ez duena. Erreskate manten hondarrak dira, noizbait iparralderako bide batean aurkituko direnak. Beste garai batzuk, beste bide batzuk, leku bera.
Instalazio honetan, gure iraganeko hondarrei gure oraineko hondarrak batzen zaizkie, garai berri bat hasi beharra balego bezala.
Argazkiak: Joel Iglesias eta Mariano Arias.