ANTZERKIA: Oiassoko emakumeak

OIASSOKO EMAKUMEAK, BAKARRIZKETA TEATRALAK

2021ean, Oiasso museoak proiektu berri bat jarri zuen martxan, OIASSORTU izenekoa: bereziki, antzerkian jartzen du arreta, eta, gertutik, jarduera sozialen eta sorkuntzaren bidez, kulturaren alde historiko, humano eta soziala azpimarratzea du helburu.  

Historiaurretik, antzerkia ezinbesteko tresna izan da gure gizartean, eta zibilizazio klasikoetan garatu zen, hala nola Grezian eta, gerora, Erroman. Espazio eta zirkunstantzia orotara egokitzeko aukera ematen du antzerkiak. Edonola ere, gauza guztien gainetik, sormenaren adierazpide bat da, emozioetan oinarrituz bizipenak transmititzen dituena.

Oiasso Museoak lau bakarrizketa muntatu ditu, Oiassoko emakumeak, non bertako eta Erromako pertsonaiek beren esperientzia, gatazka, bizipen, pasadizo eta ametsak kontatzen dizkiguten.Fikziozko sorkariak dira, baina ikerketa akademikoan oinarritzen dira. Lau emakumeren bizitza erakusten dute: pandemia bati aurre egin behar dion erostari batena, bere askatasuna erosi nahi duen neskame esklabo batena, aitak ezkontzera kondenatutako gazte ikasi batena eta jelosiak jotako arrain saltzaile batena.

Bizi dituzten egoerek interes historikoa pizten dute, eta, aldi berean, bertako emakumeek erromatarren garaian zuten garrantzia nabarmentzen dute. Izan ere, Erromatar Inperioa aipatzen den bakoitzean, enperadorearekin lotzen dugu zuzenean, legioarekin, guduekin... Alegia, gizonen munduarekin. Horregatik, garrantzitsua iruditu zaigu emakumeen figura eta ofizioak gogora ekartzea eta, aldi berean, haien gatazken bidez, haien eguneroko bizitzako xehetasunak kontatzea, haien bizitza humanizatu eta gure errealitatera gerturatzeko; azken batean, haiek ere bazituzten arazoak, maitemindu egiten ziren eta maitasunik ezagatik sufritzen zuten, gaixotu egiten ziren, bakardadea bizi zuten, jokoekin eta antzerkiarekin dibertitzen ziren, eta adiskidetasunaz gozatzen zuten. 

Greziako edo Erromako antzerkian pentsatzen dugunean, antzeztoki handiak imajinatzen ditugu beti, harmailak ehunka ikuslez beteta, baina, badakigunez, antzezlan handiak ematen zituzten antzoki asko mugikorrak ziren, eta leku batetik bestera ibiltzen ziren.Orduan, ohikoak ziren kaleko bakarrizketariak: asmatutako edo egiazko gertaeretan inspiratutako bitxikeria eta abenturak kontatzen zituzten, eta, umore gertuko, fantastiko eta entretenigarria baliatuz, ikus-entzuleen arreta erakartzea lortzen zuten.    

OIASSOKO EMAKUMEAK: BAKARRIZKETAK

2021ean, Oiasso Museoak lau bakarrizketa ekoitzi zituen, erromatarren garaiko lau emakumeren ikuspuntutik Oiassoko historia gure errealitatera gerturatzeko eta emakumeen garrantzia, ofizioak, zailtasunak eta baldintzatzaileak azpimarratuta historian dagokien lekua egiteko. 

LAU BAKARRIZKETA

  1. Asterdumira, pandemia bati aurre egin behar dion erostari bat. Hizkuntzak: euskara eta gaztelania

  2. Seia, etxekoandreari termetara laguntzen dion esklabo bat. Hizkuntza: gaztelania

  3. Julia, ezkontzera behartutako goi mailako gazte ikasi bat. Hizkuntzak: euskara eta gaztelania

  4. Arrain saltzaile bat, jelosiak jotako langile nekaezina. Hizkuntza: gaztelania 

Iraupena: 15-20 

Beharrizan teknikoak: Non egiten den antzezpena, baliteke mikrofono harigabea eta argiteria behar izatea. 

Dekoratua: Dekoratua atrezzoa da, eta, beraz, ez da azpiegitura berezirik behar. Ingurunea bakarrizketaren osagarri izatea da egokiena. Antzezpenaren kostua Antolaketa eta atrezzoaren eta jantzien garraioa Aktorearen ordainsaria

Bakarrizketa hauetakoren bat antolatzeko, jarri Oiasso Museoarekin harremanetan:Telefonoa: 943639353

Helbide elektronikoa: