Lehen aldira begira
Artea haitzuloetan
2014ko Martxoaren 21etik Ekainaren 1a arte
Ez da lehenengo aldia arte garaikidea aldi baterako erakusketa moduan iristen dena Irungo Oiasso Erromatar Museora. Eta oraingo honetan, artearen jatorrietara begirada bat emanez iritsiko da Maximina Espeso margolariaren eskutik. Duela 15.000 urte baino gehiago, Goi Paleolitikoaren artisten obra horietan inspiratu da Maximina bere sorkuntzak egiteko. Lascaux bezalako europar paleolitikoko artearen haitzulo garrantzitsuenetan oinarritutako hainbat sailen ondoren, oraingo honetan Oiasson aurkeztuko den obrak Debako Ekain, Aiako Altxerri eta Kortezubiko Santimamiñe euskal haitzuloak hartu ditu erreferentzia.
Taularen eta mihisearen gainean egindako koadroak burdinazko eta kobrezko oxidoekin eginak dira hainbat materialek eratutako ore batekin (zink oxidoa, bario oxidoa, marmolezko edo kuartzozko harriak, polimero akrilikoak, eta abar). Horri esker, artistak bat egin ahal du paleolitiko garaiko artistekin marrazkiaren eta formen bidez, eta testuren bidez, azken hauek birsortzen baitituzte haitzetako artearen euskarri diren harkaitz azalerak. Nagusiki, Ekaineko haitzuloan gehiagotan irudikatu den animalia erreproduzitzen da: zaldia, baina grabatuaren teknikaz egindako aztarnategiko hartzek edo Altxerriko bisonteek ere beren tokia badute. Egileak adierazpen artistikoaren bide hau aukeratu du pintura paleolitikoek harengan sortzen duten eraginagatik. Haren hitzetan: “emozioa gure jatorrietara itzultzeko sentsazioarekin lotuta dago, eta sentsazio horrek era biologikoan lotzen gaitu gure arbasoekin”.
Maximina Espeso M. A. Oyarbideren Marrazketa eta Pintura Tailerrean, MGECn (grabatua), Artearen Historian eta Historia aurreko Arkeologia esperimentalean prestatu da. Sari nazionalak jaso ditu eta nazioarteko lehiaketetan eta azoketan parte hartu du, eta hainbat galeriatan egin ditu erakusketak Espainian, Italian, Suitzan, eta Estatu Batuetan. 2002an, Europar Legebiltzarrak aintzat hartu zuen bere obra Europar Kultur ondasuna bultzatzeagatik. Era berean, Atapuercako aztarnategi arkeologikoen erakusketa iraunkorrean dago bere obra, baita Alcalá de Henares hiriko Arkeologia Museoan ere.