Saltus, kontzeptu geografikoa, administratiboa ala ekonomikoa?
Euskal Herriko Unibertsitateko XXVII. Uda Ikastaroak
2008ko uztailaren 23a eta 24a
Irungo Oiasso Erromatar Museoak, Euskal Herriko Unibertsitatearekin batera, "Saltus, kontzeptu geografikoa, administratiboa ala ekonomikoa?” izenburuko udako ikastaroa antolatzen du, eta 2008ko uztailaren 23 eta 24an emango da Museoko ekitaldi-aretoan.
Euskal Herriko erromatartasunaren kontzeptua Esopok alegia batean erdipurdiko atleta harroputz bati buruz kontatzen duenarekin alderatu daiteke. Atleta hori harro-harro eginda zebilen Rodaseko kirol joko batzuetan sekulako jauzia egin zuela eta. Auzokoek, balentria hori entzuteaz asper-easpen eginda, eta protagonistak haien aurrean sekula ekintza hura errepikatu gabe, “Hic Rodus, hic saltus” (hau Rodas duk, egin jauzi hemen) oihupean saiakera berri bat moztu zuten.
Tradizionalki erromatarrek Euskal Herrian izan zuten eragina aztertzean bi esparru bereizten ziren: batetik, atlantikoa edo kantauriarra, saltus izenekoa, basotsua, malkartsua eta hiri-sarerik gabea, zeinean erromatarren eraginak ez baitzuen apenas ondoriorik izan; eta bestetik, esparru mediterraneoa, ager deitua, nekazaritzarekin lotua eta urbanoa, modu normalizatuan edo estandarizatuan "erromatartua". Ikusteko modu hori, nahiz eta erromatar iturriko batere aipamenik egon ez, eta hori egiaztatuko lukeen arkeologia probarik ere ez, herrialdearen memoria kolektiboan sustraitu egin da erromatar garaiari dagokionez. Hitz horiek, saltus eta ager, behar bezala aztertuz gero, abiapuntu berri batean kokatzen gara; abiapuntu desberdinean; marko horretan saltus vasconum-aren aipamenek interpretazio desberdinak izan litzakete, eta batez ere, historikoki ibilbide handiagokoak, antzinate berantiarrera iristen diren beste errealitate osagarri batzuekin lotuta.
Programak, lehenik eta behin -inperioaren testuinguru orokorrean- saltus-aren inguruan testu klasikoetan egiten diren aipamenak biltzea proposatzen du, horrela hitz horrek izan litzakeen adiera desberdinak eta termino horiek errealitate jakin batzuekin duten lotura aztertzeko; bide batez aztertuko litzateke saltus-en eta ekonomiaren –funtsean artzantza ekonomia- arteko harremana, edota ingurune basotsuetako erlijio-alderdiak. Azterketa hori egindakoan, iturrietan saltus gisa hartzen diren errealitateen (Ipar Afrika, Italia edota inperioko beste leku batzuk) adierazpenez jardungo da, eta planteamendu berriak aztertuz eta planteamendu horiek euskal lurraldeetan dituzten ondorioekin amaituko da.
Irun Hiriko Udalarekin lankidetzan.
Ikastaroko zuzendariak:
- Juan Santos Yanguas jn. Filologiako eta Geografia eta Historiako Fakultatea. Vitoria-Gasteiz. UPV/EHU.
- Mercedes Urteaga Artigas and. Oiasso Museoa. Filologiako eta Geografia eta Historiako Fakultatea. Vitoria-Gasteiz. UPV/EHU.